Donostia DSS2016 kultura hiriburutzarako ideiak eta
proiektuak prestatzen ari ginela ohartu ginen Txirritaren bertso haren
laurogeigarren urteurrena beteko zela urte horretan.
Horrek Txirritarenganako gure miresmena areagotzeko balio zigun, bai
eta zenbait ekimen martxan jartzeko ere, hala nola Xabier Letek idatzitako
'Gabon,
Txirrita' antzezlana berrestreinatzea.
Txirritaren garrantziaren eta ekarpenen berri izateko antzezlan horren
libretoaren hitzaurrea irakurtzea gomendatzen dizuet. Hitzaurre horretan,
kultura-hiriburutzako programazio-zuzendari Xabi Payak
dio antzezlana ulertzeko Shakespeare, Cervantes eta Txirrita bilduko
lituzkeen triangelua egin beharko litzatekeela.
Joxe Miguel Lujanbio, 'Txirrita' 1936ko ekainaren 3an hil zen,
Gerra Zibila piztu zuen uztailaren 18ko altxamendu militarra baino egun
batzuk lehenago. Nazionalek, Txirritaren heriotzaren berri ez zutenez,
haren bila joan ziren Altzako baserrira, fusilatzeko asmoz...
Bestelako zoria izan zuten milaka eta milaka pertsonak, haien patu ilun
eta goibelak ez baitu oraindik izan dagozkion aitorpena eta erreparazioa..
Tropa
frankistak 1936ko irailaren 12-13an sartu ziren Hernanin. Hurrengo urteetan,
hernaniarrek errepresio eta indarkeria frankista pairatu zuten.
1936ko irailaren amaierarako, frankistek ia Gipuzkoa osoa menderatua
zuten eta Hernani exekuziogune bihurtu zuten. Hemen, 200 pertsona inguru
fusilatu zituzten: errepublikanoak, sozialistak, komunistak, abertzaleak…
Hernani errepresio frankista odoltsuenaren eta ankerrenaren sinbolo
bihurtu zen.
Errepresio horrek luze iraun zuen eta oraindik dirauela ere esan dezakegu.
Badirau, biktimen oroimena oraindik ere berreskuratu ez delako, ez zaie
merezi duten errekonozimendua egin, eta ez zaie justiziarik egin.
2016ko azaroaren 5ean, Hernaniko Udalak ekitaldi bat antolatu zuen,
“Oroimena berreskuratuz… Udaberrirantz” izenburupean,
tropa frankistek fusilatutako pertsonei omenaldia eta errekonozimendua
egiteko.
Nik ekitaldi horretan parte hartu nuen, Amets Arzallusekin batera. Ametsek
sarrera-bertso hau abestu zuen, bai eta hurrengo abestiaren letrak ere
(Fusilatu zituztenei).
Egun
hartan, eguraldi euritsu eta hotzak areagotu egin zuen hilerrira hurbildu
ginen senide, lagun eta hernaniarron artean nagusi zen goibeltasuna.
Eguraldi latzak ez zigun tregoarik eman, ezta exekuzioak gertatu ziren
hormaren aurrean altxatutako monumentuan lore-eskaintza egiteko unean
ere.
Argi horma
Carlos López de Ceballos (2006)
Egun
hartako interpretazioko giroa erreproduzitu nahi izan dut nolabait.
Hauxe izan da nire Victoria Cadenza akordeoia erabiliz Alboka
taldearekin egin dudan grabazio bakarra. Beharrezkoa zela uste dut...
Azken ohar bat bertso honekin erabilitako doinuari buruz. Txirritaren
jatorrizko bertsoekin ezagutu dugun lehen doinuaren (1874) eraldaketa
da. Efektuak, xumea izanda ere, samin eta ezintasun sakona transmititzea
lortzen du...