Pier Paul Berzaitz
Oraingo honetan, ibiltariak bidelagun leial eta eskarmentuduna dakar, ibilbidean arrastoak eta seinaleak utzi dituena bere esku dardaratiez, elkarrekin batera bideari ekitera gonbidatzeko. Xabier Lete musikari eta poetaren nahia izan zen Pier Paul Berzaitzek musika jartzea haren azken liburuko poemei, bien arteko harreman sakonaz baliaturik, Egunsentiaren Esku Izoztuak musikatzeko aukerarik ez baitzuen izan Xabierrek berak, bizitzako azken urteetako nekeak eta etsipenak abaildurik. Leialtasunak eragina da, beraz, lan hau: bidea elkarrekin jorratuz, ibiltari xuberotarrak doinu gozo eta indartsuez babestu nahi du bere lagun eskuzabal eta argitsua. Gure ibiltaria bere bidean Leteren hiri maite eta desiratuetara iritsiko da (Hiri maiteak); joan zirenen urruneko izar dirdaitsuek argiturik (Nere aita zenari eskeintza, Imanol Larzabal lagunari agurra) eternitateari eta arimen infinituari buruzko elkarrizketan murgilduko dira (Eternitatea).Esku-hutsik jotzen du aurrera bidegurutzeetan, memoriaren bideetan barna, jakintzaren hirirantz, bihotzaren azken taupadaren zain (Esku hutsik hiltzen gara). Baina ibiltari zaildu eta arduratsuari noizik behin bidetik irteteko beharra ere sortzen zaio, zelaian zehar, batzuetan bidea moztearren, beste batzuetan atseden hartzearren. Beste ibiltari batzuekin egiten du topo, eta haiek adieraziko diote denbora badoala ezinbestez (Avec le temps), edo poesiaren zukuak dastatuz indarberritzera gonbidatuko dute (Le temps des cerises). Guztiekin mintzatuko da, beti ezagutu diogun “xiberutar” hizkera goren horretan; hitz-doinukera horretan eman dizkigu hala kantak nola pastoral eta musika-emankizun ugari. Gaueko bakardadean beldur izango da, bere mamuen eta etsai ezkutuen kontra borrokan ibiliko da, Jakob profeta bezala (Jakobe). Beste behin oroitaraziko digu bere alegia kuttuna, otso zuriari eta otso beltzari buruzko ipuin cherokeea, ikasbide berri bat ateratzeko: biak elikatu behar dira, goizalbarekin bakea eta oreka etorriko badira. Bakea eta oreka nabari zaizkio, hain zuzen, ahotsean. Ibiltariaren ahotsa, musikazko goizalba honetan, heldutasun espiritual eder batera iritsia da, eta inolako konplexurik gabe begiratzen dio denboraren ispilu zorrotzari. Beste garai batzuetan belarriratu zizkigun “klasiko” batzuk (Geroa esperantzaz beterik eta Eki eder) berriro datoz gugana distira berriekin, testu zaharrak emozio berriz gaurkotuz. Bada beste perla txiki bat ere (Euskal Herri maitea), doniua eta hitzen sortzaileak berak (Nemesio Etxaniz, Amillaitzek) entzunez gero, hura liluratzeko modukoa. Hura ere ibiltari nekaezina izaki, hantxe ibili zen bere ameskizun modernistekin, debekaturiko labirinto grisetan barna, oraindik ere itxi gabe dauden zaurien mina adieraziz. Baina Pier Paul Berzaitz ibiltaria ez da geratzen bakardadearen eta erbestearen lokatz artean harrapaturik; bidearen azken zatia lagun artean egin nahi du, besteekin batu, ahotsa goratu, eta jada eresi bihurtua den doinua kantatu (Xalbadorren heriotzean). Eresi hori lagun galduarengatik egindako negarra izan zen hasieran, baina, orain, bere burua jasoz gure otoitza aldarrikatzen du, gure lagun betikoaren arima dagoen lekuaz galdetzeko. Xabier Lete gure otoitzen oihartzun bihurtu zen, gure salmoen oihartzun, gau misteriotsuaren basoko-zelaietan oraindik entzuten diren kanpai-hotsen oihartzun. Oihartzun hori hilartitz gisa eskaini zigun Giuseppe Ungarettiren poema baten bidez (Non Gridate Più) "Ez
gehiago oihurik egin, Nahiz eta poema horren arabera “Beraien hotsa xurrumurru sotila da, ez dute soinu gehiago egiten belarrak haztean baino, zoriontsu gizona ez dabilen tokietan", gure ibiltariari bidea erakusten dioten hitz-arrastoak materia kosmikoan zizelkatuak daude, eta artista gutxi dira gai halako materiala bizi-ernamuin bihurtzeko. Ernamuin horretatik jaiotzen eta agertzen gara egunero, bide berri bati ekiteko, beste erromesaldi bat hasteko. |
CD
- Kantak Ahots gonbidatuak |
PIER PAUL BERZAITZ
|
Baratze
bat kantu entzutetsuaren egile eta Zuberoaren kantaria da Pier
Paul Berzaitz. (Muskildi, 1951). Baina baita Guk
taldeko sortzaile eta partaide izandakoa ere, Joanes Borda, Eneko
Labegerie eta Beñat Sarasolarekin. Diskogintzatik harago,
hainbat pastoral idatzi eta zuzendu ditu (Harizpe, Atharratze
jauregian, Madalena de Jaureguiberry, Ramuntxo, Bereterretx, Ni Petti
Buhamea, Jean Pitrau), antzezlanak sortu ditu
(Elkanoren semeak, Euskal izpiritua) eta berriki Orreaga,
Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da eta Maite K
estreinatu ditu, dantza, antzerkia, musika eta bestelako osagaiak batzen
duten ikusgarriak. |
||||||
Gaur egun
Xiberuak dituen konposatzaile eta kantari nahiz sortzaile guzien ordezkari
sahetsezinetarik bat dugu, dudarik gabe. Sorkuntzarako dohain berezkoari
esker, tradizioan oinarritu musikari gaurkotasuna eta berritasuna ekartzen
dizkio. Etxahun koblakariaren eta kantari gazteagoen arteko zubi
den belaunaldiko aitzindarietarik bat dugu, haren kantu zenbait jadanik
memoria kolektiboan daudela. "Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait".
|
|||||||
Berzaitzek Euskal Herriko aktualitate sozio-kulturalean nahiz politikoan oinarritu antzerki eta kantu engaiatuak uztartzen zituen 70eko hamarkadan, Guk taldearekin hasi zen kantuan, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu eta Beñat Davantekin. "Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea". Guk
taldearen kantu askoren doinuez arduratu zen Berzaitz. Taldearen hitzak
Sarasolak egin ohi zituen gehienetan. Taldearen aurkezpen ofiziala 1974an
izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Geroago,
pare bat single argitaratu zituen, eta 1977an lehen diskoa heldu zen,
Laborari,langile eta nagusi 1979an taldea utzi zuen Berzaitzek,
eta Parisera joan zen. |
|||||||
Hamahiru urte geroago kaleratu zuen Baratze bat (Elkar,2000), Berzaitz entzule talde zabalago batentzat ezagun egin zuen diskoa, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantuari esker. Berzaitzen aurreko lanen aldean, ekoizpen handiko lana izan zen. Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musikari talde bikaina aukeratzeaz. Aspalditik kontzertuetan ematen zituen kantuetatik sorta bat grabatu zuen hurrengo diskoan: Lili baten kantorea (Elkar, 2005). Itxaro Bordaren olerkien gainean Berzaitzek sortutako doinuak, Etxahun-Irurirenak (Matalazen hiltzea), herri kantuak (Bereterretchen kantorea) eta Xabier Lete (Xalbadorren heriotzean) eta Imanol Lartzabalen (Barne kanta) bertsio bana bildu zituen zuberotarrak, berriz ere Karlos Gimenezen gidaritzapean egindako diskoan. Bere hurrengo lan diskografikoa Arnaud D'Oihenart (1592-1667)-Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008) izan zen. Poeta zuberotarraren gaztaroko olerkiak musikatu zituen, soinuan hari instrumentuei protagonismo berezia emanez Baionako Joël Mehra gitar jolearen zuzendaritza artistikoari esker. Karlos Gimenez izango zen berriro musika moldaketaz arduratu zena Hemen (Elkar, 2011) diskan. Itxaro Bordaren zenbait poema musikatu, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak moldatu eta katalanez abesturiko kantu bat (Vath d’Aspa) grabatu zituen Berzaitzek lan horretan. |
|||||||
Ez
zen horretan bakarrik gelditu kantari zuberotarrak oiartzungo poetarekiko
izan zuen begirunea eta 2013. urtean Egunsentiaren Kantak
proiektua jarri zuen martxan. Hasiera batean zuzeneko emanaldia Erramun
Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo kantariekin batera
eta gero 2015. urtean Aztarna argitaletxearekin diska bat grabatuaz.
Guzti hau Joxan Goikoetxea musikari eta ekoizlearen zuzendaritzapean,
Berzaitzen diskagintzan atal berri bat irekiaz. Xabier Lete musikari eta
poetaren nahia izan zen Pier Paul Berzaitzek musika jartzea haren azken
liburuko poemei, bien arteko harreman sakonaz baliaturik, Egunsentiaren
Esku Izoztuak musikatzeko aukerarik ez baitzuen izan Xabierrek
berak, bizitzako azken urteetako nekeak eta etsipenak abaildurik. Leialtasunak
eragina izan zen, beraz, lan hau: bidea elkarrekin jorratuz, ibiltari
xuberotarrak doinu gozo eta indartsuez babestu nahirik bere lagun eskuzabal
eta argitsua. Hiri maiteak, Nere aita zenari eskeintza, Imanol Larzabal
lagunari agurra, Eternitatea eta Esku hutsik hiltzen gara doinuekin
batera Berzaitzek klasiko batzuk ere grabatu zituen lan honetan: Gerezien
denbora (Le temps des cerises), Denborareki (Avec le temps),
Euskal Herri maitea (Nemesio Etxaniz) edo Guk taldearen
garaiko Geroa esperantzaz beterik eta Eki Eder. |
|||||||
2017. urtean azken diska honetako moldaketa sinfonikoak aurkeztu ditu Baiona-Euskal kostaldeko Eskualdeko Orkestrarekin (ORBCB - Orchestre régional Bayonne-Côte basque) batera eman dituen 2 kontzertuetan. Joxan Goikoetxearen moldaketak Joël Mehra musikariaren orkestazioez aberastu dira Akitania-Hegoaldeko Eszena Nazionala (Scène nationale du Sud-Aquitain) eta Euskal kultur Erakundearen ekimenari esker.
|
|||||||
Horrez gain, Oihenart bizi urrats (1992), Elkanoren semeak (1998), Euskaldunen Izpiritua (1999) eta Zamalzain (2002) antzezlanetan musika komediaren generora hurbildu zen. 2008an Orreaga estreinatu zuen Baionan, dantza, musika, antzerkia eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarria. Or Konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatutako ikuskizunean, parte hartu zuten Beñat Axiari kantariak, Aezkoa gizon abesbatzak, Theatre du Versanteko antzezleek eta 50 dantzarik, besteak beste. Halaber, Ze bolada!-Jean Errecarten so begiz (2009) ikuskizun musikala sortu zuen, Beritza konpainiak ekoitzi eta Jean-Dominique Espilek zuzendua. Bere azken ikuskizuna Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da arrakastatsua izan da. |
|||||||
2016. urtean Maite.K
ikuskizuna estreinatu du, Berzaitzek berak idatzi eta zuzenduta. |
Segi Aztarna... |