Menu nagusira itzuli

 


14 - Fusilatu zituztenei
- 5´41


(Musika: Herrikoia)
(Hitzak: Amets Arzallus)
(Moldaketak eta ekoizpena: Joxan Goikoetxea)


[Eus] [Eng] [Es] [Fr] [It] [Cat]

Grabaketa arduraduna: Joxan Goikoetxea
Hernaniko AZTARNA estudioan grabatu da 2017. urtean zehar.

Nahasketa, soinu-trataera eta masterizazio digitala:
Mikel F.Krutzaga – Musikart Studio (Amezketa - Gipuzkoa).

Xabi San Sebastian: ahotsa
Joxan Goikoetxea: akordeoia, sintetizadoreak, pianoa, perkusioa eta programazioak
Jon Mari Beasain: gitarra akustikoa
Juanjo Otxandorena: bouzouki-a
Alan Griffin: flauta eta klarinetea
Peter Maund: doumbek-a

 

1936ko urrian, Hernani mendean hartu ondoren, tropa frankistek 200 bat herritar fusilatu zituzten. Batzuk Etxearreko aldapan ('Cuesta de la Muerte' esaten zaio oraindik ere) erail zituzten, abesti hau grabatu genuen lekutik ez oso urrun. Oraindik gorpu asko daude berreskuratu gabe, eta, duela gutxi arte, ez da ezer askorik esan basakeria horri buruz. 2016an, hildakoak oroitzeko ekitaldi bat egin zen hilerriaren hormaren aurrean, hainbat eta hainbat fusilatu zituzten lekuan. Han, Amets Arzallus bertsolariak kantatu zituen estrofa hauek, euri-zaparrada bortitz baten pean.

 Bertsolariek doinu hori asko erabiltzen dute, gai tragikoak lantzeko. Haren izenburua, 'Lurrarenpean', bereziki egokia iruditu zaigu hitz hauetarako. Albokaren lehen diskoan, abestiaren bertsio instrumental bat egin genuen.

I
Lurraren pean sar nindaiteke,
maitia, zure ahalgez!
Bost phentsaketa eginik nago
zurekin ezkondu beharrez;
Bortha barnetik zerratu eta
bethi khamberan nigarrez,
Sendimenduak airian eta
bihotzetikan dolorez
Ene changrinez hil erazteko
sorthua zinen arauez !

II
Oren hunian sortuia zinen
izar ororen izarra!
Zure parerik etzaut jiten
neure begien bistara.
Espos laguntzat gald'egin zintudan
erran nerauzun bezala
Bainan zuri ez iruditu
zuretzat aski nintzala;
Ni baino hobebatekila
Jainkoak gertha zitzala!

III
Mariñelak juaiten dira
itsasorat untziko:
Zure ganako amodioa
sekulan ezdut utziko.
Charmagarria, nahi ez giren
elgarrekilan biziko,
Behin maite izan zaitut eta
etzaitut hastiatuko:
Bihotzian sarthu zitzautzat
eternitate guziko!




 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

I
Denak berdintzen omen gaituen heriotz gezurrezkoak,
batzuen hezur desagertuak, besteen tumba urrezkoak...
Ez ditu denak berdin argitzen historiaren ezkoak,
su harez gero pasatu dira laurogei urte kezkoak...
ta bakearen lore bitxiak erroak fusilezkoak.

II
Fusilak gauak zaintzen zituen inork ez zezan amestu,
matxinoez gain izango ziren zenbait salatari prestu,
denen artean horma eraiki eta bidea errextu,
ta azkeneko errukarriak fusila hartzean estu,
esku batek bost hatzamar baina hatzamar hark zenbat esku?

III
Esku zikinak asko izanak estaltzen ditu krimenak,
pistaren batzuk izango dira oraindik bizi direnak,
mututasuna betirako da jotzean azken orenak,
behingoz egiak aska ditezen astindu begi barrenak,
fusilatzean bat da hiltzaile, ixiltasunean denak.

IV
Nork otoizten du, ta oroitzen du, ezjakintasun osoan...?
Malkoa ere nekez jausten da zehaztu gabeko soan?
Noraezean hemen gabiltza atzerakako pausoan,
kale izenak denak nahasturik fusilatuen auzoan,
ta zein zaila den gogoratzea egia bere lausoan.

V
Bake beltz honen lore bitxia gal dadila elurrean,
ta ez dadila berriro hazi erroturik beldurrean,
justizi pixkat eskatzen dugu hormatzarraren aurrean,
eta egia hartutakoan gure esku ahurrean,
beste bake bat ereingo dugu oroimenaren lurrean.











































































































 

 



 




Menu nagusira itzuli




Amets Arzallusen bertso hauen gaia eta bertsook musikatzeko arrazoia aurreko abestiaren azalpenean aipatu ditut (Beste larogei urtian). Hala ere, drama, atsekabea, amorrua eta ezintasuna behin eta berriz azaleratzen diren sentimenduak dira, bertso horiek irakurri eta entzuten diren bakoitzean....

Xabi San Sebastianek, Alboka taldeko abeslariak, grabazioa geldiarazi egin behar izan zuen, eta estudiotik une batez atera, emozioagatik gainezka eginda abesten jarraitu ezin zuelako....

Une hau aprobetxatu nahi dut Xabiren lana goraipatzeko eta zorionak emateko abestian zein disko osoan egindako intrepretazio bikainengatik. Sasoi ederrean iritsi da gure proiektuaren grabaziora, eta gainera, bere azken CDaren prestatze-lanak eta grabazioa egin ditu aldi berean. Zuhaitzak ez du beldurrik da Xabiren azken lan eder horren izenburua.

 

Amets Arzallus Xabier Leteren omenez egindako biran ezagutu nuen. Musikari, abeslari, idazle eta bertsolarien arteko benetako topagunea izan zen bira hori eta, geroago, SDB-Sortuko dira besteak eta beste kolaborazio eta proiektu batzuk etorri ziren, hala nola IHES proiektua, Ametsek eta biok duo moduan landu duguna.


IHES proiektuan, Ametsek, bere testuen eta bertsoen bidez, gizakia ihes egitera bultzatzen eta behartzen duten arrazoiak jorratu zituen.
 
Zorritxarrez, abesti honetako protagonistek ez zuten ihes egiterik. Bertso hotzikara-eragingarriak dira, eta bazuen Ametsek hauek kantatzeko gogoa. Izango dugu zuzenean egiteko aukera, Amets...
 
Alanek gure historiaren arestiko kapitulu ilun horrekin lotutako zenbait leku aipatu ditu, hala nola Etxearreko aldapa (Cuesta de la muerte) eta Galarreta. Nik hilerriaren inguruetara erakarri nahi dut zuen arreta.

 

Ni hilerriaaren sarreratik berrehun metro eskasera jaio nintzen. Kanposantua, halaxe esaten diogu guk. Eremu hori ezagutzen dutenek badakite hilerria Tellerigaineko goialdean dagoela. Eguraldi oneko egunetan, eremu atsegina da, lasai paseatzeko.
 
Nik neuk esan dezaket ia-ia han ikasi nuela oinez ibiltzen, hartxintxarreko bide hartan, eta jolasten jarduten nintzen hartxintxar horrekin. Joxebe Goia izeneko emakume batek ematen zizkigun azalpenen arabera, hartxintxar horrek soinu tragikoa zuen gauaren isiltasunean. Izan ere, gau ilunak ezkutatzen zituen ibilbide makabro eta odoltsu hori egiten zuten soldaduen eta kamioneten joan-etorriak.
 
Joxebe Goia ekarri nahi dut hemen gogora, bihotzez eta errespetu handiz. Oso ezaguna eta maitatua zen Hernanin, eta hilerriaren sarreraren ondoan dagoen etxean bizi zen. Haren lekukotzari eta beste askorenari esker, Gerra Zibilaren hasierako egun haietan gertatutakoak berreraikitzeko aukera izan da neurri batean, eta oso liburu interesgarri batean jaso dira. Irakurtzea gomendatzen dizuet.


 

Justizia eta erreparazioa Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktima guztientzat.




Home
Newsletter
Multimedia
Artistak
Kontaktoa
Proiektuak
Shop
Katalogoa
Agenda
Who?

Segi Aztarna...