Duela
urte askotik genuen zortziko-sorta bat grabatzeko gogoa, eta hementxe
daude. Musikari ez-euskaldun batzuei zortzikoa nolabait korapilatsua
iruditu dakieke, haren tiraldi espasmodikoei neurria hartu arte. Izan
ere, abesti honetan hiru giri eta hiru euskaldun gaude.
Nire aldetik, uste dut jada ohituta nagoela zortzikora, eta haren gorabeherak
Rh negatiboa banu bezala kudeatzen ditut. Peterrek denborak neurtzen
arreta jarri ordez, sentimenduak aske utzi zituen, eta horrela egin
zion aurre erritmoari. Eta… ahaztu egin zitzaidan Fiachrari galdetzea
nola egin zuen.
Joxanek dio dantza hauek euskal harrotasunez betetzen diotela bihotza.
Eta erabateko arrazoia du. Euskaldun gehienek bezala, uste du zortziko
puntuduna identitate-zeinu bat dela, sudur luzea, kokots zorrotza, txapela,
apustuak, abesbatzak, mendizaletasuna edo une ez-egokietan egia esatea
bezala. Beraz, mingarria suertatzen zait euskaldun gehienek ez dakiten
zerbait aipatzea: Euskal Herriko XX. mendeko musikologo ospetsuenetako
gehienak zortzikoaren etsai gogorrak izan zirela. Hain zuzen ere:
Azkueren esanetan (1901) ia zortziko guztiak (% 95)
‘nacen del fecundísimo seno de la vulgaridad con la misma
fácil espontaneidad que brota la mala hierba’.
Aita Donostiak (1916) gogorarazten digu nola deskribatu
zuen zortzikoa Pérez Galdósek: ‘basura de salón’.
Nicolas Ormaetxea ‘Orixe’ bertsolariak
(1920) zortzikoa doinu iritsi berria zela uste zuen, eta gainera, neurri
zaila eta irregularra zela, euskararen erritmo naturalaren guztiz kontrakoa.
Gorosabalek esandakoa aipatzen du; hau da, zortzikoaren konpasa markatzea
zaila dela, atzerritarrentzat batik bat (to!).
Madinaren esanetan (1943), punturik gabeko zortzikoek
soilik ‘parecen rezumar una dulzura añeja’.
Fagoagak (1949) Rodney Gallopek esandakoa aipatzen
du: ‘execrable semicorchea con puntillos del zortziko’.
Riezuk (1973) zortziko sasieuskaldunen 'puntilleo enfadoso
y machacón’ arbuiatzen du.
Baina, azkenean, horrek guztiak ez du garrantzi handirik. Joxanen bihotza
euskal harrotasunez beteta dago, zortzikoak, belar gaiztoa izan edo
ez, osasun sendoa duelako Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta funtsezko elementua
da euskal musika-tradizioan, adituek esandakoa esanda ere.
Beste gauza bat: Gascue musikologoak (1913) defendatu
zuen zortzikoaren 5/8 konpasa 6/8 konpasaren deformazioa zela, eta bilakaera
hori arrazoi honengatik gertatu zela: grabitate-indarraren ondorioz,
orkestra-zuzendarien batutak denbora apur bat gehiago behar zuela altxatzean
jaistean baino, eta horregatik, 6/8 konpasaren lehen zatia laburtu zela,
konpasa 5/8 bihurtu arte. Azkuek (1918) erantzun zion
musika-kultura gehienetan ez zegoela zortzikoaren parekorik, eta galdetu
zion ea hor kanpoan orkestra-zuzendariek gimnasia-ariketak egiten al
zituzten kioskora igo aurretik, grabitate-indarrari aurre egiteko.
Hori gutxi balitz, Peter riqq-a grabatzen ari zela, esango
nuke 4/4 konpasean jo zuela, nahiz eta orain hori iruditzen ez. Bai
jauna!
|
Dantza
horiek, ezpata-dantzarekin batera,
Gipuzkoan gaur egun gordetzen diren dantza
zaharrenetakoak dira eta zenbait ospakizun
eta jairekin lotuta daude.
Bi zortziko horiek, hain zuzen,
Brokel Dantza izeneko dantza-ziklo batekoak dira:
Brokel-Dantza
Dantza-sorta bat da, hamahiru edo bederatzi
dantzariz osatutako talde batek bata bestearen segidan dantzatzen dituen
dantza sorta, hain zuzen.
Bi lerrotan antolatzen dira dantzariak aurrean
buruzagia dutela. Dantza hauetako batzuk esku hutsik
egingo dituzte dantzariek, eta beste batzuk,
eskuetan dituzten tresnak elkar joz.
Buruzagiak aginte-makila eramaten du eskuetan.
Dantza-sorta hori dantza hauek osatzen dute:
Boastitzea, Agurra, Makila txikiena, Makila handiena,
Brokel makilarena, Belauntxingoa, Uztai txikiena,
Uztai handiena eta Zinta-dantza.
Ezpata-dantzan erabiltzen den arropa bera
erabiltzen da dantza-bilduma hori egiteko.
Makila txikiena
Tresnekin egiten diren dantzen barnean sartzen
direnak joko-dantzak dira, eta oro har,
egitura bera dute guztiek: buruzagiaren
bakarkako saioa, taldeak dantzatzen duen zortzikoa,
eta tresnak elkar joz egiten den jokoa.
Buruzagiak hemen ere aginte-makila erabiltzen du,
eta dantzariek, berriz, makila txikiak, makila handiak
eta brokelak (egurrezkoak edo xaflazkoak ).
Tresnak elkar joz egiten dute dantza,
eta dantza-pausoen bidez, lekuz aldatzen dira,
azkenean bakoitza hasierako lekura heldu arte.
Uztai txikiena
Dantza hauek ere tresnekin egiten dira,
eta besteen pareko egitura dute, alegia,
buruzagiaren bakarkako lana, taldearen zortzikoa
segidan, eta tresnekin elkar joz egiten den
jokoa azkenik.
Menu
nagusira itzuli
|
Ez
dut Alanek abesti honetarako egin dituen iruzkinen nondik norakoen berri,
baina imajina dezaket nondik joko duen...
Bai, egia da, izugarri gozatzen dut zortzikoak jotzen, eta nolabaiteko
kilika sumatzen dut (noizbait hori aitortzeko akatsa egin dut), harrotasun
deritzon horren antzekoa…
Bi zortziko horiek Lau anaiak (2004) diskoaren garaian grabatu
genituen, baina ez ziren sartu behin betiko edizioan, eta beste une
batean berriz saiatzekotan geratu ginen. Voilá!
Futbol-entrenadore ospetsu batek esan zuen moduan, lehen ahalegin hartan,
“bururik gabeko oilaskoak zelaian korrika” bagina
bezala ibili ginen.
Noski, estudioan lau musikari bikainekin sartu nintzen… denak
atzerritarrak: Peter Maund (Kalifornia), Zohar Fresco (Israel) eta Fiachra
Mac Gabhann eta Alan bera (Irlanda). Ondorioa? Ezinezkoa izan zitzaidan
klimaxera iristea… Azentuen, puntuen, polirritmien eta gehiegizko
abiaduraren nahaspilak ahalegina zapuztu zuen...
Oraingoan, ordea, atzerritarren tropela ia berbera izan bada ere (gaita
barne), Juan Arriola eta Juanjo Otxandorena nituen ondoan, bi euskaldun
peto-petoak, eta abiadura egokian, abentura hori behar bezala eraman
dugu portura..
Eta hori gutxi balitz, giriek zurezko makilekin eta arkuekin sortutako
soinu-efektuak grabatzen ikusi ninduten. Beraz, inolako zalantzarik
geratzen bazen, argi eta garbi erakutsi nien noren batutak agintzen
zuen azentuen eta ditxosozko puntuaren gainean.
Gora gipuzkoarrak!
|