Gaua, arma
bat ahaltsua.
Gaua, zaldien pentsua.
Gaua, zaldunen putzua.
Gaua, mairuen arkua.
Gaua, etxe gotortua.
Gaua, ate bat lehertua.
Gaua, eromen mutua.
Gaua, betor infernua.
Gaua, ezin lokartua.
Gaua, arnasen estua.
Gaua, uluen amua.
Gaua, gogo kamustua.
Gaua, bakarti belztua.
Gaua, kanpaien zakua.
Gaua, zintzarri lotua.
Gaua, datorren portua.
Gaua, otsoen larrua.
Gaua, lamien kontua.
Gaua, medusaren tua.
Gaua, laztanen maisua.
Gaua, badabilen sua.
Gaua, inoren kontua.
Gaua, epela hoztua.
Gaua, azal gogortua.
Gaua, ezpain bihurtua.
Gaua, baso odoldua.
Gaua, hontzaren lantua.
Gaua, isilen tratua.
Gaua, sasi belartua.
Gaua, oihana lortua.
Gaua, otoitzen hautua.
Gaua, lo samur santua.
Gaua, soineko gandua.
Gaua, eginen damua.
Gaua, elea galdua.
Gaua, norbere burua.
Harkaitz
Cano
|
|
ANTTON
VALVERDE
(Donostia, 1943ko maiatzaren 21a). Urte askoan Xabier Leterekin batera
kantatu du
eta Julen Lekuonarekin ere aritu da. Hainbat euskal olerkariren hitzak
musikatu ditu:
Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga, Xabier Lete...; baita bertso zaharrak ere.
Musika ikasketak egin zituen gaztetik: harmonia, konposizioa eta pianoa.
Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela,
ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen
poemak.
60ko hamarkadan hasi zuen Valverdek musika ibilbidea.
Hainbat disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako
bat izan
zen eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa,
1972).
Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi
zuen.
Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen,
garai bateko bertsoak berreskuratu zituenlana. Handik bi urtera,
bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen,
berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri
Gogoa, 1976),
arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea,
Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek.
Bertan zeuden, besteak beste, "Maitasunez hil" eta
"Asaba zarren baratza" kantuak.
Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara:
Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen
iturri nagusietako bat.
Lauaxetaren testuez gain, Xabier Letek, Bitoriano Gandiagak eta Joxean
Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.
1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian
aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko
akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen,
Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen
Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986).
Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta
kutunetakoa.
Haiekiko zaletasuna txikitatik datorkio: "Etxean Lizardi betidanik
ezagutu izan dut,
nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz.
Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren
obra guztia.
Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen
zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan,
eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea
edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko
esan nahi du niretzat".
Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte,
Larogeitamazazpi (Elkar,1997). Urte horietan guztietan musikatutako
olerkien
bilduma moduko bat izan zen,
Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta
William Shakespeareren testuekin. 2007an lan berria argitaratu zuen,
Hamabi amodio kanta (Elkar, 2007).
Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean
Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da
lana.
Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta
musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du
Valverde zuzeneko emanaldietan.
Azkeneko urteetan honako lan hauek burutu ditu:
“Hiru Eleak” (2013, Anjel Lertxundirekin batera),
“Hitzak Hotsak” (2020, hainbat poetarekin batera)
eta
“Gaua, ausentziaren itzala” (2020, diska berria).
|