Berrehun
soneto idatzi ditu Karlos Linazasorok. Molde poetiko zahar hori
erabili du gauza berriak esateko.
Neurri-neurrian, artisau baten sentiberatasunez, birtuosismotik
urrun ez dabilen dohainez.
Bere maisuak omendu nahi izan ditu poetak, eta
lagunak goretsi. Denetariko gaiak aurkituko ditu irakurleak liburuan:
maitasuna, natura, denboraren igaroa, filosofia, umorea…
Eta denetariko tonuak: sakonak, ironikoak, jostarinak,
kritikoak, lirikoak, arkitektonikoak, musikalak, sarkastikoak
eta zorrotzak…
Bizitzaren ertzak ikuspegi ugarietatik ukitzen
dituen lana, azken buruan. Liburu bakana eta goi-mailakoa, gozamen
hutsa.
Gure artean betiko geldituko den
maisu-lana.
Ez nau ikaratzen negu hurbilak
zure abaro goxoan banago,
elurra ez delako elurrago,
gure hitzak ez daudelako hilak.
Ez nau izutzen denbora harroak
duen hil-gose aserik gabeak,
bai baitakit haren zauri ajeak
zor dituela ordu igaroak.
Ez nau urduritzen frakasoaren
beso lizun hitsen amildegian
jausi beharrak, ezina bitarte
saiatzea baita gizakiaren
patua minez altxa-erorian,
hobeto erratzen ikasi arte.