Newsletter Nº 13.
11.02.2016.
Pier Paul Berzaitz - Xabier Lete - Egunsentiaren Kantak - Joxan Goikoetxea

Pier Paul Berzaitz

EGUNSENTIAREN KANTAK

AZ018 - CD Audio - 13 Kanta






AURKEZPENA - DISKA BERRIA

Prentsaurrekoa - Showcase

Otsailak 11, osteguna - 11:00h

BAIONA - Elkar Denda
Arsenal Plaza
Tel.: +33 (0) 559 59 35 14


Ikus kokapena mapan

 



Ikus bideosingela (YouTube) - Esku hutsik hiltzen gara

Entzun kantua (.mp3)- Geroa Esperantzaz Beterik

Egunsenti berri honetan, ibiltari saiatu eta nekaezain bat datorkigu, bere kantuez lagundurik: Pier Paul Berzaitz xuberotarra, 50 urteko ibilbidea burutzear, abiadura handiko bideetatik urrun, iraupen gutxiko modetatik urrun, marketin mediatikoaren baldintza estuetatik urrun; aitzitik, kontenplazioaren soseguan murgiltzen da, bere bizi-inguru espirituala miretsiz.

Oraingo honetan, ibiltariak bidelagun leial eta eskarmentuduna dakar, ibilbidean arrastoak eta seinaleak utzi dituena bere esku dardaratiez, elkarrekin batera bideari ekitera gonbidatzeko. Xabier Lete musikari eta poetaren nahia izan zen Pier Paul Berzaitzek musika jartzea haren azken liburuko poemei, bien arteko harreman sakonaz baliaturik, Egunsentiaren Esku Izoztuak musikatzeko aukerarik ez baitzuen izan Xabierrek berak, bizitzako azken urteetako nekeak eta etsipenak abaildurik. Leialtasunak eragina da, beraz, lan hau: bidea elkarrekin jorratuz, ibiltari xuberotarrak doinu gozo eta indartsuez babestu nahi du bere lagun eskuzabal eta argitsua.



Gure ibiltaria bere bidean Leteren hiri maite eta desiratuetara iritsiko da (Hiri maiteak); joan zirenen urruneko izar dirdaitsuek argiturik (Nere aita zenari eskeintza, Imanol Larzabal lagunari agurra) eternitateari eta arimen infinituari buruzko elkarrizketan murgilduko dira (Eternitatea).Esku-hutsik jotzen du aurrera bidegurutzeetan, memoriaren bideetan barna, jakintzaren hirirantz, bihotzaren azken taupadaren zain (Esku hutsik hiltzen gara).

Baina ibiltari zaildu eta arduratsuari noizik behin bidetik irteteko beharra ere sortzen zaio, zelaian zehar, batzuetan bidea moztearren, beste batzuetan atseden hartzearren. Beste ibiltari batzuekin egiten du topo, eta haiek adieraziko diote denbora badoala ezinbestez (Avec le temps), edo poesiaren zukuak dastatuz indarberritzera gonbidatuko dute (Le temps des cerises). Guztiekin mintzatuko da, beti ezagutu diogun “xiberutar” hizkera goren horretan; hitz-doinukera horretan eman dizkigu hala kantak nola pastoral eta musika-emankizun ugari. Gaueko bakardadean beldur izango da, bere mamuen eta etsai ezkutuen kontra borrokan ibiliko da, Jakob profeta bezala (Jakobe). Beste behin oroitaraziko digu bere alegia kuttuna, otso zuriari eta otso beltzari buruzko ipuin cherokeea, ikasbide berri bat ateratzeko: biak elikatu behar dira, goizalbarekin bakea eta oreka etorriko badira.

Bakea eta oreka nabari zaizkio, hain zuzen, ahotsean. Ibiltariaren ahotsa, musikazko goizalba honetan, heldutasun espiritual eder batera iritsia da, eta inolako konplexurik gabe begiratzen dio denboraren ispilu zorrotzari. Beste garai batzuetan belarriratu zizkigun “klasiko” batzuk (Geroa esperantzaz beterik eta Eki eder) berriro datoz gugana distira berriekin, testu zaharrak emozio berriz gaurkotuz. Bada beste perla txiki bat ere (Euskal Herri maitea), doniua eta hitzen sortzaileak berak (Nemesio Etxaniz, Amillaitzek) entzunez gero, hura liluratzeko modukoa. Hura ere ibiltari nekaezina izaki, hantxe ibili zen bere ameskizun modernistekin, debekaturiko labirinto grisetan barna, oraindik ere itxi gabe dauden zaurien mina adieraziz.

Baina Pier Paul Berzaitz ibiltaria ez da geratzen bakardadearen eta erbestearen lokatz artean harrapaturik; bidearen azken zatia lagun artean egin nahi du, besteekin batu, ahotsa goratu, eta jada eresi bihurtua den doinua kantatu (Xalbadorren heriotzean). Eresi hori lagun galduarengatik egindako negarra izan zen hasieran, baina, orain, bere burua jasoz gure otoitza aldarrikatzen du, gure lagun betikoaren arima dagoen lekuaz galdetzeko.

Xabier Lete gure otoitzen oihartzun bihurtu zen, gure salmoen oihartzun, gau misteriotsuaren basoko-zelaietan oraindik entzuten diren kanpai-hotsen oihartzun.

Oihartzun hori hilartitz gisa eskaini zigun Giuseppe Ungarettiren poema baten bidez (Non Gridate Più)

"Ez gehiago oihurik egin,
hil zirenei ez berriro heriotzarik eman,
ez oihurik egin, ez oihurik
berriro entzun nahi badituzue
salbamena espero baduzue”.

Nahiz eta poema horren arabera "Beraien hotsa xurrumurru sotila da, ez dute soinu gehiago egiten belarrak haztean baino, zoriontsu gizona ez dabilen tokietan", gure ibiltariari bidea erakusten dioten hitz-arrastoak materia kosmikoan zizelkatuak daude, eta artista gutxi dira gai halako materiala bizi-ernamuin bihurtzeko. Ernamuin horretatik jaiotzen eta agertzen gara egunero, bide berri bati ekiteko, beste erromesaldi bat hasteko.








Home
Newsletter
Multimedia
Artistak
Kontaktoa
Proiektuak
Shop
Katalogoa
Agenda
Who?

Segi Aztarna...