Pier Paul Berzaitz

EGUNSENTIAREN KANTAK

AZ018 - CD Audio - 13 Kanta






AURKEZPENA - DISKA BERRIA

Prentsaurrekoa - Showcase

Otsailak 11, osteguna - 11:00h

BAIONA - Elkar Denda
Arsenal Plaza
Tel.: +33 (0) 559 59 35 14


Ikus kokapena mapan

 



Ikus bideosingela (YouTube) - Esku hutsik hiltzen gara

Entzun kantua (.mp3)- Geroa Esperantzaz Beterik

Egunsenti berri honetan, ibiltari saiatu eta nekaezain bat datorkigu, bere kantuez lagundurik: Pier Paul Berzaitz xuberotarra, 50 urteko ibilbidea burutzear, abiadura handiko bideetatik urrun, iraupen gutxiko modetatik urrun, marketin mediatikoaren baldintza estuetatik urrun; aitzitik, kontenplazioaren soseguan murgiltzen da, bere bizi-inguru espirituala miretsiz.

Oraingo honetan, ibiltariak bidelagun leial eta eskarmentuduna dakar, ibilbidean arrastoak eta seinaleak utzi dituena bere esku dardaratiez, elkarrekin batera bideari ekitera gonbidatzeko. Xabier Lete musikari eta poetaren nahia izan zen Pier Paul Berzaitzek musika jartzea haren azken liburuko poemei, bien arteko harreman sakonaz baliaturik, Egunsentiaren Esku Izoztuak musikatzeko aukerarik ez baitzuen izan Xabierrek berak, bizitzako azken urteetako nekeak eta etsipenak abaildurik. Leialtasunak eragina da, beraz, lan hau: bidea elkarrekin jorratuz, ibiltari xuberotarrak doinu gozo eta indartsuez babestu nahi du bere lagun eskuzabal eta argitsua.



Gure ibiltaria bere bidean Leteren hiri maite eta desiratuetara iritsiko da (Hiri maiteak); joan zirenen urruneko izar dirdaitsuek argiturik (Nere aita zenari eskeintza, Imanol Larzabal lagunari agurra) eternitateari eta arimen infinituari buruzko elkarrizketan murgilduko dira (Eternitatea).Esku-hutsik jotzen du aurrera bidegurutzeetan, memoriaren bideetan barna, jakintzaren hirirantz, bihotzaren azken taupadaren zain (Esku hutsik hiltzen gara).

Baina ibiltari zaildu eta arduratsuari noizik behin bidetik irteteko beharra ere sortzen zaio, zelaian zehar, batzuetan bidea moztearren, beste batzuetan atseden hartzearren. Beste ibiltari batzuekin egiten du topo, eta haiek adieraziko diote denbora badoala ezinbestez (Avec le temps), edo poesiaren zukuak dastatuz indarberritzera gonbidatuko dute (Le temps des cerises). Guztiekin mintzatuko da, beti ezagutu diogun “xiberutar” hizkera goren horretan; hitz-doinukera horretan eman dizkigu hala kantak nola pastoral eta musika-emankizun ugari. Gaueko bakardadean beldur izango da, bere mamuen eta etsai ezkutuen kontra borrokan ibiliko da, Jakob profeta bezala (Jakobe). Beste behin oroitaraziko digu bere alegia kuttuna, otso zuriari eta otso beltzari buruzko ipuin cherokeea, ikasbide berri bat ateratzeko: biak elikatu behar dira, goizalbarekin bakea eta oreka etorriko badira.

Bakea eta oreka nabari zaizkio, hain zuzen, ahotsean. Ibiltariaren ahotsa, musikazko goizalba honetan, heldutasun espiritual eder batera iritsia da, eta inolako konplexurik gabe begiratzen dio denboraren ispilu zorrotzari. Beste garai batzuetan belarriratu zizkigun “klasiko” batzuk (Geroa esperantzaz beterik eta Eki eder) berriro datoz gugana distira berriekin, testu zaharrak emozio berriz gaurkotuz. Bada beste perla txiki bat ere (Euskal Herri maitea), doniua eta hitzen sortzaileak berak (Nemesio Etxaniz, Amillaitzek) entzunez gero, hura liluratzeko modukoa. Hura ere ibiltari nekaezina izaki, hantxe ibili zen bere ameskizun modernistekin, debekaturiko labirinto grisetan barna, oraindik ere itxi gabe dauden zaurien mina adieraziz.

Baina Pier Paul Berzaitz ibiltaria ez da geratzen bakardadearen eta erbestearen lokatz artean harrapaturik; bidearen azken zatia lagun artean egin nahi du, besteekin batu, ahotsa goratu, eta jada eresi bihurtua den doinua kantatu (Xalbadorren heriotzean). Eresi hori lagun galduarengatik egindako negarra izan zen hasieran, baina, orain, bere burua jasoz gure otoitza aldarrikatzen du, gure lagun betikoaren arima dagoen lekuaz galdetzeko.

Xabier Lete gure otoitzen oihartzun bihurtu zen, gure salmoen oihartzun, gau misteriotsuaren basoko-zelaietan oraindik entzuten diren kanpai-hotsen oihartzun.

Oihartzun hori hilartitz gisa eskaini zigun Giuseppe Ungarettiren poema baten bidez (Non Gridate Più)

"Ez gehiago oihurik egin,
hil zirenei ez berriro heriotzarik eman,
ez oihurik egin, ez oihurik
berriro entzun nahi badituzue
salbamena espero baduzue”.

Nahiz eta poema horren arabera “Beraien hotsa xurrumurru sotila da, ez dute soinu gehiago egiten belarrak haztean baino, zoriontsu gizona ez dabilen tokietan", gure ibiltariari bidea erakusten dioten hitz-arrastoak materia kosmikoan zizelkatuak daude, eta artista gutxi dira gai halako materiala bizi-ernamuin bihurtzeko. Ernamuin horretatik jaiotzen eta agertzen gara egunero, bide berri bati ekiteko, beste erromesaldi bat hasteko.



.CD - Kantak.

1 -
Esku hutsik hiltzen gara (Xabier Lete – Pier Paul Berzaitz). 4´20´´
2 - Geroa esperantzaz beterik (Beñat Sarasola – Pier Paul Berzaitz). 4´19´´
3 - Jakobe (Jean-Louis Davant – Pier Paul Berzaitz). 3´40´´
4 - Euskal Herri maitea (Nemesio Etxaniz). 3´29´´
5 - Gerezien denbora (J.P. Clément – A.Renard – Pier Paul Berzaitz). 4´20´´
6 - Hiri maiteak (Xabier Lete – Pier Paul Berzaitz). 4´10´´
7 - Imanol Larzabal lagunari agurra (Xabier Lete – Pier Paul Berzaitz). 4´52´´
8 - Eternitatea (Xabier Lete – Pier Paul Berzaitz). 4´07´´
9 - Denborareki (Leo Ferré – Pier Paul Berzaitz). 4´02´´
10 - Nere aita zenari eskaintza (Xabier Lete – Pier Paul Berzaitz). 3´18´´
11 - Eki eder (Beñat Sarasola – Pier Paul Berzaitz). 4´16´´
12 - Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete). 4´44´´
13 - Non gridate più (G.Ungaretti – Pier Paul Berzaitz). 4´41´´

Moldaketak, ekoizpena eta grabaketa: Joxan Goikoetxea

Egunsentiaren Kantak Hernaniko Aztarna estudioan grabatu da, 2015.urtean zehar.
Nahasketa, soinu-trataera eta masterizazio digitala: Mikel F.Krutzaga – Musikart Studio (Amezketa).
Grabaketa osagarriak, Ereñozuko Aieka estudioan, Peio Gorrotxategiren ardurapean.

Ahots gonbidatuak
Maddalen Dorronsoro: Non gridate Più
Estitxu Pinatxo: Hiri maiteak eta Xalbadorren heriotzean
Olatz Prat: Hiri maiteak eta Xalbadorren heriotzean
Magali Zubillaga: Hiri maiteak
Arin Korua: Geroa esperantzaz beterik eta Xalbadorren heriotzean kantuetan.

Musikariak

David Escudero: Gitarra flamenkoa (09)
Txema Garcés: Baxua (01), (02), (03), (05), (06), (07), (08), (09), (11), (12)
Aitor Huizi: Biolina (06)
Michel Longarón: Bateria (01), (02), (03), (04), (06), (07)
Iosune Marín: Gitarra akustikoa (01), (06), (07), (11), (12) eta gitarra klasikoa (02), (04)
Gari Otamendi: Biolina (06), (11)
Roberto Yaben: Gitarra elektrikoa (01), (04), (06), (07), (12)
Maider Zapirain: Txeloa (01), (02), (03), (04), (05), (06), (07), (11), (12), (13)
Joxan Goikoetxea: Akordeoia, pianoa, sintetizadoreak, programaketak eta perkusioa.

Argazkiak:
Juantxo Egaña
Diseinua eta maketazioa: Grafikoki
Testuen itzulpenak eta gainbegiratzeak: Juan Kruz Igerabide eta Jabier Imaz Aierbe

 

PIER PAUL BERZAITZ

Muskildin (Zuberoa) 1951an jaiotako euskal abeslaria eta musikaria da. Gaur egun Pauen (Frantzia) bizi da, baina beti izan da Zuberoari estuki lotua Tradizioaren jarraitzaile eta bultzatzaile amorratua, zuberotar kantagintzari beste sentiberatasun bat ekarri dio, zalantzarik gabe, aspaldiko emozioak, olerkiak, kantak eta ametsak, garaikide bilakatuz.


Baratze bat disko entzutetsuaren egile eta Zuberoaren kantaria da Pier Paul Berzaitz. (Muskildi, 1951). Baina baita Guk taldeko sortzaile eta partaide izandakoa ere, Joanes Borda, Eneko Labegerie eta Beñat Sarasolarekin. Diskogintzatik harago, hainbat pastoral idatzi eta zuzendu ditu (Harizpe, Atharratze jauregian, Madalena de Jaureguiberry, Ramuntxo, Bereterretx, Ni, Petti Buhamea), antzezlanak sortu ditu (Elkanoren semeak, Euskal izpiritua) eta berriki Orreaga eta Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da estreinatu ditu, dantza, antzerkia, musika eta bestelako osagaiak batzen duten ikusgarriak.

Gaur egun Xiberuak dituen konposatzaile eta kantari nahiz sortzaile guzien ordezkari sahetsezinetarik bat dugu, dudarik gabe. Sorkuntzarako dohain berezkoari esker, tradizioan oinarritu musikari gaurkotasuna eta berritasuna ekartzen dizkio. Etxahun koblakariaren eta kantari gazteagoen arteko zubi den belaunaldiko aitzindarietarik bat dugu, haren kantu zenbait jadanik memoria kolektiboan daudela.

"Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait".


Berzaitzek Euskal Herriko aktualitate sozio-kulturalean nahiz politikoan oinarritu antzerki eta kantu engaiatuak uztartzen zituen 70eko hamarkadan, Guk taldearekin hasi zen kantuan, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu eta Beñat Davantekin. "Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea".

Guk taldearen kantu askoren doinuez arduratu zen Berzaitz. Taldearen hitzak Sarasolak egin ohi zituen gehienetan. Taldearen aurkezpen ofiziala 1974an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Geroago, pare bat single argitaratu zituen, eta 1977an lehen diskoa heldu zen, Laborari,langile eta nagusi 1979an taldea utzi zuen Berzaitzek, eta Parisera joan zen.

80. hamarkada bukaeran, bakarkako ibilbideari lotzen zaio. 1987an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Han eta hor (Elkar), Frantziako (Daniel eta Remi Brel anaiak) eta Euskal Herriko (Alain Perpetue, Beñat Davant) musikariekin. Orduz geroztik, presarik gabe, merkatuaren legeetatik aldenduta argitaratu izan ditu lanak.

Hamahiru urte geroago kaleratu zuen Baratze bat (Elkar,2000), Berzaitz entzule talde zabalago batentzat ezagun egin zuen diskoa, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantuari esker. Berzaitzen aurreko lanen aldean, ekoizpen handiko lana izan zen. Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musikari talde bikaina aukeratzeaz.

Aspalditik kontzertuetan ematen zituen kantuetatik sorta bat grabatu zuen hurrengo diskoan: Lili baten kantorea (Elkar, 2005). Itxaro Bordaren olerkien gainean Berzaitzek sortutako doinuak, Etxahun-Irurirenak ("Matalazen hiltzea"), herri kantuak ("Bereterretchen kantorea") eta Xabier Lete ("Xalbadorren heriotzean") eta Imanol Lartzabalen ("Barne kanta") bertsio bana bildu zituen zuberotarrak, berriz ere Karlos Gimenezen gidaritzapean egindako diskoan. Geroztik bi diska gehiago argitaratu ditu Berzaitzek; Arnaud D'Oihenart (1592-1667)-Poèmes de jeunesse ( Elkar, 2013), poeta zuberotarraren gaztaroko olerkiak musikatuaz, soinuan hari instrumentuei protagonismo berezia emanez eta Hemen (Elkar,2013).


Berzaitzen sorkuntza lana ezin da, halere, bere diskografiara mugatu. Hain zuzen, musikak adina garrantzi hartu du pastoralak haren azken hogei urteotako obran. Sei pastoral idatzi eta zuzendu ditu: Harizpe (1991), Atharratze jauregian (1997), Madalena de Jaureguiberry (2000), Ramuntxo (2003), Bereterretx (2005) eta Ni, Petti Buhamea (2014).

Horrez gain, Oihenart bizi urrats (1992), Elkanoren semeak (1998), Euskaldunen Izpiritua (1999) eta Zamalzain (2002) antzezlanetan musika komediaren generora hurbildu zen. 2008an Orreaga estreinatu zuen Baionan, dantza, musika, antzerkia eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarria. Or Konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatutako ikuskizunean, parte hartu zuten Beñat Axiari kantariak, Aezkoa gizon abesbatzak, Theatre du Versanteko antzezleek eta 50 dantzarik, besteak beste. Halaber, Ze bolada!-Jean Errecarten so begiz (2009) ikuskizun musikala sortu zuen, Beritza konpainiak ekoitzi eta Jean-Dominique Espilek zuzendua. Bere azken ikuskizuna Amaiur 2012 Haien ametsa gurea da arrakastatsua izan da.



2016. urtean MaiteK ikuskizuna aurkeztuko
du, Berzaitzek berak idatzi eta zuzenduta.

 



 

Latsunbeberri 10 behea
20120 Hernani - Gipuzkoa
www.aztarna.com
Tel: +34 656 785 767

aztarna@aztarna.com

AGENDA

Otsailak 13, larunbata - 20:00h
Andoain - Basterogunea
Amets Arzallus & Joxan Goikoetxea - IHES

 

Otsailak 26, ostirala - 22:00h
Leioa - Kultur Maratila
Harkaitz Cano - Petti - Joxan Goikoetxea
GAU BERANDUAN



Hurrengo argitalpena

Alan Griffin
HALFWAY TO HELL

Albokarako 333 doinu
333 Tunes For the Alboka

Liburua - 492 orrialde / Euskara - English - Castellano
- Info -